ALFABETATZE ZIENTIFIKOA ETA STEAM TESTUINGURUA

A) ALFABETATZE ZIENTIFIKOA

Gizarte demokratiko ororen erronka da herritarrek behar adina ezagutza izatea bere bizitzako planteamenduetan, arazoen ebazpenean eta behar pertsonaletan era egokian eta aktiboki parte hartzeko. Horretarako, herritarrek gai izan behar dute gizartean eragin handia duten gai zientifiko-teknikoen inguruko hausnarketetan oinarritutako erabakiak hartzeko, eta, horretarako, beharrezkoa da oinarrizko kultura zientifiko bat izatea, alfabetatze zientifiko orokorrari esker eskuratua. Dimentsio humanistikoarekiko bateragarri eta osagarria den dimentsio gisa ulertzen da alfabetatze zientifikoa, biak ere behar-beharrezkoak pertsona guztiontzat.

 

B) METODO ZIENTIFIKOA ETA ZIENTZIAREN IZAERA

“Ingurune materialaren inguruko informazio garrantzitsua ematen du zientziak (...). Gainera, gaur egun gizartean darabiltzagun gaiekin konektatzeko, funtsezkoa da prozesu zientifikoen eta haien eragiketa praktikoen inguruko jakintza izatea, neurri batean.” (Jonathan Osborne eta Justin Dillon).

Munduari begiratzeko eta, hartaz, pentsatzeko modu bat da metodo zientifikoa. Haren bidez lortzen den ezagutzak ebidentzia edo froga esperimental errepikagarriak eskatzen ditu.


Arazo bat ebazteko edo behatutakoa ulertzeko norberak duen jakin-minak gidatzen du ikerketa-prozesua. Beraz, metodo zientifikoaren prozedura martxan jartzen da ikasleei jakin-mina eragiten dien edo galderak eragiten dizkien problema bat planteatzen zaienean. Gero, behaketak egingo dituzte, izan ditzakeen azalpenak eman, hipotesia aztertu, aurreikuspenak proposatu, esperimentatu eta ezagutza eraikiko dute. Prozesu horretan, ikasleek datuak jasoko dituzte, emaitzen grafikoak eta azalpenak landu, eta hainbat informazio-iturri kontsultatu.

 

 

Ez da ahaztu behar metodo zientifikoa hezkuntza-etapa guztietan lantzen dela, haur-hezkuntzatik hasita, eta ikasleen hezkuntza-ezaugarri eta -beharretara egokitzen dela etapa bakoitzaren prozesua.

 

C) HERRITAR ARDURATSUAK

Izaki bizidunen arteko eta izaki bizidunen eta ingurunearen arteko interakzioak, orobat gizakien jarduerak planetan eta osasunean dituzten eraginak, aurkitzeko eta ezagutzeko tresna da zientzia. Beraz, funtsezkoa da pertsona orok konpetentzia zientifikoak garatzea, herritar arduratsuagoak hezteko eta gizarte justu, demokratiko eta jasangarriago batean bizi ahal izateko. Zientziak eta teknologiak elkarlanean jardun behar dute etorkizun jasangarria eraikitzeko; pertsona orori lagundu behar diote planetaren funtzionamendua ulertu eta ingurumen-krisiari irtenbideak eman ditzan. Beraz, funtsezkoak dira guri, gure osasunari eta ingurumenari buruz jakiteko eta ulertzeko, eta horiek zalantzan jartzeko, aurreikusteko eta esperimentatzeko.

D) STEAM KONTZEPTUA

““Konstruktibismoaren printzipioetan oinarritzen da STEM hezkuntza STEM hezkuntza. Beraz, STEM hezkuntzaren pedagogiak ikaslea eta ezagutza ditu ardatz. Gainera, ikaskuntza-taldeetan erabiltzen denean, elkarrekintza sozialeko ingurune bat sortzen da (Rebollo, Gabriel & Romero Albaladejo, Isabel & Gil cuadra, Francisco. (2017).”

STEAM (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics) ideiaren atzean dago zientziaren eta teknologiaren hezkuntzan bultzatu nahi den paradigma-aldaketa. Ez da ezerezetik abiatutako terminoa, hezkuntzaren munduan izan den joera batetik, STEM kontzeptutik, sortu da. Oinarrian konstruktibismoa, proiektuetan lan egiteko filosofia eta diziplinartekotasuna ditu. Oinarrizko konpetentziak lantzeaz gainera, zeharkako konpetentziak lantzearen garrantzia ere azpimarratu nahi da: sormena, talde-lana, pentsamendu kritikoa, berrikuntza, etab.  

Artearen “A” letra aipatzen den arren, Diseinua ere aipatu nahi izaten da, ikuspegi ireki batetik. Horrez gainera, sormenaren garrantzia azpimarratu nahi da, oinarrizkoa baita STEAM1 siglan dauden diziplina guztietan. 1.  
 
Kontuan izan behar da konpetentziak lantzeko modu asko biltzen dituen erreferentzia-esparru bat dela STEAM, metodologia zehatz huts bat baino gehiago. Izan ere, izen beraren atzean askotariko esperientziak aurkitu daitezke, hainbat ezaugarri, inplementazio, egituraketa, eskola-etapa eta balorazio-mailatakoak.22

 

Erreferentziak:

 

 

E) STEM IDENTITATEA

Zientzien didaktikako ikerketen ondorioen arabera, gazteek etorkizunerako egiten dituzten hautu profesionaletan badute eragina, hezkuntza arautuaren sistemaz gainera, eremu pertsonalak, familiak eta testuinguru sozioekonomikoak (ikusi inGenious eta Aspires proiektuak1 eta 2). STEM alorrekiko jarreraren arabera hautatzen dira ikasketak, baina badira beste hainbat faktore ere: interes pertsonalak, autopertzepzioa, zientziarekin lotutako estereotipoak… Horiek guztiek osatzen dute pertsona bakoitzaren “kapital zientifikoa”, eta faktore-multzo horren arabera sortzen du pertsona bakoitzak bere STEAM identitatea, oso umetatik.

Ondorioz, gazteek ez badute haien burua STEM lanbide batean "ikusten", nabarmen gutxituko da zientzia-ikasketak hautatzeko joera edota gai horiekiko interesa.

Hala, gazteen etorkizunerako aukerez hitz egiten denean, STEM identitatearen kontzeptuaz hitz egin behar da, hau da, ea gazteek STEM arloarekin lotzen duten beren burua ala ez, eta zergatik.

 

 

Halaber, azpimarratzekoa da STEM rol-ereduek zer eragin duten gazteen identitatean, batez ere norbanakoek parekidetasunak ikusten dizkietenean rol-ereduei (adibidez, neskek emakume zientzialarien ereduak ezagutzen dituztenean).

Erreferentziak:

 

 

 

F) KAPITAL ZIENTIFIKOA

Kapital zientifikoa Pierre Bourdieu soziologoak sortutako kontzeptu bat da, Londresko King’s College eta University Collegek zabal garatu dutena, STEM ikasketen hautaketan eta/edo alor horiekin lotutako jardueren partaidetzan gehien eragiten duten ezaugarri pertsonalak identifikatzen saiatzeko. Halaber, jakin nahi izan da zer dela eta duten ikasle-profil askok oso partaidetza txikia ingurune zientifiko eta teknologikoetan.
 
Kapital zientifikoa “pertsona baten inguruko zientzia guztia” dela esan daiteke: bizi izan dituen zientzia-esperientziak eta -jarduerak, zientziaren inguruan ikasi dituen edukiak, zientzia-museoetara egindako bisitak, ikusi eta entzun dituen zientziari buruzko telebista-saioak eta irratsaioak, ezagutzen dituen zientzialariak (familian edo beste ingurune batzuetan), etab. 
 

Pertsona bakoitzak duen kapital zientifikoaren kantitatearen eta kalitatearen emaitzak zuzeneko eragina du hark gai zientifiko eta teknologikoekin duen loturan. Gainera, gai horiekiko duen konpromiso-mailari eragiten dio, orobat eragina du gai horiekiko balioespenean edota STEM arloak bere bizitzako parte gisa hautematean —sentimenduei eta bizitzarekiko jarrerei dagokienez—. Hona hemen ikerketa batzuetan ateratako ondorio nagusiak:

  • Ez da ohikoa kapital zientifiko txikiko ikasleek sentitzea zientzia 'niretzako modukoa' dela.
  • Zientziarekin gozatzeak ez du esan nahi asmo profesional zientifiko edo teknologikoak izango dituztenik.
  • Desberdintasun sozialek badute eragina orientazio akademikoan.
  • Bizitza akademikoan hautatzen diren modalitate eta ikasgaiek eragina izan dezakete STEM gaitasun orokorren arrakalan.
  • 16 urtetik gorako oso neska gutxik hautatzen dituzte zientzia fisikoak.

 

Erreferentzia:

 

 

 

Interesgarria da nabarmentzea kapital zientifikoa aldatu egin daitekeela bizitzan zehar, norberak dituen bizipenen arabera: zenbat eta STEM eragin eta esperientzia gehiago izan, orduan eta aukera handiagoa dago erabilgarriak eta garrantzitsuak direla ikusteko.

 

 

G) GENERO-IKUSPEGIA ETA STEM

Genero-ikuspegia da gazterian STEMekin lotutako asmo profesionalak sustatzeko gako garrantzitsuenetako bat. Gai horren inguruko ikerketen emaitzen arabera ondorioztatzen da badirela genero-ezberdintasunak, bai asmoei bai hezkuntzako hainbat faktoreri dagokienez. Bestalde, azpimarratzekoa da oraindik badirela ebatzi beharreko zenbait gako STEM arloak eta irakasgaiak genero-ikuspegiarekin nola landu behar diren jakiteko; izan ere, ekimen asko daude martxan emakumezkoen interesa sustatzeko eta emakumezkoek STEM arloekin, bereziki teknologiekin eta ingeniaritzekin, lotutako ikasketak hauta ditzaten, eta ez dute arrakasta handirik lortu. Alor honetan egindako ikerketen emaitzek agerian uzten dute faktore anitzeko arazo bat dela —faktore pertsonalak zein sozialak—, eta hainbat ikuspegitatik eta epe luzera landu behar dela, hainbat ekintzaren bidez.

Interesgarria da azpimarratzea beste profil batzuetan ere eragin nahiko litzatekeela ekintza horien bidez, hala nola kapital zientifiko baxua izateagatik STEM arloekiko erakarpenik ez dutenengan; horrenbestez, genero-ikuspegia lantzean, emakumeengan eragiteaz gainera, beste pertsona batzuengan ere eragingo litzateke.

Hauek dira zentroaren STEAM Planak izan behar dituen ezaugarri orokor batzuk: