STEAM IKASI
STEAM ikasi ardatzak erreferentzia egiten dio STEAM arloko oinarrizko konpetentziak eskuratzeari eta gaiak diziplina arteko ikuspegiarekin lantzeko bideak sortzeari, lehentasunezko bi ekintza-ardatzen bidez.
“1. ardatza: Oinarrizko STEAM konpetentziak garatzea” da lehen ekintza-ardatza, eta honekin lotuta dago: ikasleen alfabetizazio zientifikoa eskola-etapa guztietan sustatzea, hausnarketa-tresna gisa metodo zientifikoa erabiliz zenbait arlotan, eta zientziaren izaera ulertzeko helburuarekin.
Halaber, gizarte-erronkekin lotuta eta STEM irakaskuntzari testuingurua jarriz bideratu nahi dira STEM arloak, orobat balioak garapen jasangarriko ikuspegiarekin transmitituz eta ebatzi beharreko benetako arazoen inguruan eraikiz STEAM proiektuak.
“2. ardatza: STEAM arloak zeharkakoak izateko bideak bilatzea”, da bigarren ekintza-ardatza; izan ere, STEAM hezkuntzaren ikuspegitik, komeni da batera eta era integratu batean ikastea eta ikertzea Zientzietako, Teknologiako, Ingeniaritzako, Arteko eta Matematikako eremu eta irakasgaietako kontzeptuak. Horregatik, diziplina anitzeko ikuspegiarekin landuko da problemak eta egoerak diseinatu eta ebazteko testuingurua, ikerketa metodologikoan oinarrituta eta arazoetan oinarritutako ikaskuntza eta talde-lana erabiliz.
Ikastetxeko antolaketa funtsezkoa da STEAM arloen arteko zeharkako lana errazagoa izateko. Beharrezkoa da STEAM hezkuntza ikastetxearen curriculumean sartzea, eta helburuak eta ekintzak urteko planean eta arloen eta irakasgaien programazioetan sartzea. Etapa guztiak hartu behar dira aintzat STEAM planean, eta proiektuak mailakatu egin behar dira, era koordinatu batean, etapa bakoitzean dauden mailen arabera.
Jakintza-arloen arteko zubiak eraikitzeko, gomendagarria izan daiteke talde eragile bat sortzea, arlo, eremu, modulu edo irakasgai desberdinetako irakasleekin, sailen arteko lankidetza sustatzeko, eta, hala, STEAM proiektuak era koordinatu batean lantzeko/ikertzeko.
Oso garrantzitsua da, halaber, baliabide, espazio eta denborak kudeatzea, eta ikastetxeko beste plan edo proiektu batzuekin ere sinergiak sortzea, hala nola hezkidetza-planarekin, irakurketa-planarekin eta Agenda 21 programarekin.