STEAM arloa garatzearen inguruan irakasleen eta hezkuntza-komunitateko gainerako guztien lana orientatzeko hartutako erabaki guztiak bildu behar ditu ikastetxeko STEAM planak. Ikastetxeko hezkuntza-proiektuaren barruan txertatu behar da agiria. Halaber, ikastetxearen Urteko Planean jaso behar dira STEAM Planaren ondorioz sortutako ekintzak eta jarduerak.
Metodologiaren eta ebaluazioaren inguruko erabakiak koherentziaz sartu behar dira arlo, esparru, irakasgai eta modulu guztietako programazio didaktikoetan.
Ikastetxe bakoitzak bere lan-ildoa diseinatu behar du, bere errealitatearekin bat, eta aldiro-aldiro egokitu, STEAM jardunbidearen etengabeko prozesuan lortu den hobekuntzaren ebaluazioaren arabera, gure hezkuntza-sistemari eusten dioten habeak oinarri hartuta —zeina konpetentzien garapenean oinarritzen baita eta planaren barruan eratutako esparru pedagogikoan jasota—.
● Malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna: Planak ikastetxe bakoitzaren premien eta aukeren araberakoa izan behar du, eta ikastetxearen errealitate eta testuingurura moldatu; hortaz, ikastetxe bakoitzak erabakiko du zer arlotan duen premia gehien, eta zer helburu eta ekintza landuko dituen.
● Mailaz mailako prozesua: hezkuntzaren etapa guztiei erreparatu behar die Planak (HH, LH, DBH, Batxilergoa), alfabetatze zientifikoaren garapen-prozesua dela ulertuta. Apurka landu behar da, lorpenez lorpen.
● Aniztasuna: ikastetxeko errealitate guztiei erantzun behar die planak, besteak beste, ikasteko zailtasunak dituzten ikasleei edo gaitasun apartak dituztenei, ezberdintasun soziolinguistikoei, kulturalei, pertsonalei eta abarri.
● Elkarlana: hezkuntza-komunitateko eragile guztiak inplikatu behar ditu planak: gai eta alor guztietako irakasleak, ikasleak, familiak eta abar. Eskolatik kanpora ere iristen denez, eskolatik kanpoko beste eremu batzuei ere badagokie. Zenbat eta jende gehiago erakarri, orduan eta eraginkorragoak izango dira planeko ekintzak.