1.ARDATZA: OINARRIZKO STEAM KONPETENTZIAK
STEAM konpetentzien garapenean aintzat hartzen dira ikasleak zientifikoki alfabetatzea eskola-etapa guztietan, ikasleekin metodo zientifikoa erabiltzea hausnarketa-tresna gisa, jasangarritasun-balioak eta garapen jasangarriko helburuak transmititzea (Agenda Basque Country estrategian jasota daudenak), eta STEM hezkuntza testuinguruan jartzea eta ebatzi beharreko benetako arazoen inguruan eraikitzea STEAM proiektuak, STEM arloak gizarte-erronkekin lotuta landuz.
Ikasleen alfabetatze zientifikoa eskola-etapa guztietan
Gizarte demokratiko ororen erronka da herritarrek behar adina ezagutza izatea bere bizitzako planteamenduetan, arazoen ebazpenean eta behar pertsonaletan era egokian eta aktiboki parte hartzeko. Era berean, herritarrek gai izan behar dute gizartean eragin handia duten gai zientifiko-teknikoen inguruko hausnarketetan erabaki funtsatuak hartzeko. Horregatik, herritarrek oinarrizko kultura zientifikoa izan behar dute, alfabetatze zientifiko bidez lortua, gaur egungo mundua ulertu ahal izateko.

STEAM konpetentzia zientifikoak, teknologikoak, artistikoak eta matematikoak ikasgelan lantzea
Oinarrizko STEAM konpetentzien garapenak barnean hartzen du konpetentzia zientifikoak, teknologikoak, artistikoak eta matematikoak lantzea ikasgelan, arazoak ebazteko, garapen jasangarriarekin lotutako balioak transmititzeko eta benetako arazoen inguruko STEAM proiektuak gauzatzeko, zeinak ebatzi behar baitira STEAM arloak gizarte-erronkekin lotuz.
Metodo zientifikoa hausnarketa-tresna gisa erabiltzea
Ikerketa, dokumentala zein esperimentala, gidatuko duten galderak planteatu eta identifikatu behar dituzte ikasleek, justifika daitezkeen azalpenak edo hipotesi errealistak formulatzeko.
Lehenengo, ikasleek datuak eta ebidentziak jaso behar dituzte informazio-iturri fidagarrietatik. Horretarako, beharrezkoa izango da identifikatzea zer informazio-iturri (bai analogikoak bai digitalak) izan daitezkeen egokiak une bakoitzerako, orobat haiek erabiltzeko gaitasunak garatzea (hautaketa, antolamendua eta sailkapena, prozesamendua, biltegiratzea eta erabiltzea edo transmititzea) eta haiek eskaintzen dituzten mezuak eta datuak kritikoki analizatzea. Hainbat formatutako informazio-iturriak irakurri behar dituzte (testu idatziak, grafikoak, irudiak, krokisak, kartografia, etab.). Arazoak ebazteko prozesuan, lan-planteamendua adostu beharko dute ikasleek, informazioa hautatu eta mezuak interpretatu, sortu eta partekatu.
Arazoa ebazteko modua proposatu behar dute ikasleek, banaka edo taldean, eta egin beharreko lana planifikatu behar dute, ikerketa-prozesuak hautatuz, baliabideak identifikatuz, faseak zehaztuz, behar izango den denbora zenbatetsiz... Arreta handia jarri behar dute ikerketaren aldagaietan, eta behar izango duten ekipamendua eta materiala hautatu.
Esperimentazioan zehar datuak bilduko dituzte, hautatutako baliabideak eta ekipamenduak zuzen erabiliz. Bildutako datuak aztertu behar dituzte, ondorioak atera ahal izateko. Hala, ikasleek formulatutako hipotesiak baliozkotu ditzakete edo balioa kendu diezaiekete; eta lortutako emaitzetarako azalpenak eman ditzakete. Azkenik, emaitzak jakinaraziko dituzte, eta ikertutako problema beren eguneroko bizitzarekin lot dezakete.
Jarduera zientifikoarekin lotutako portaera egokiak ezagutu, baliozkotu eta izan behar dituzte; adibidez, zehaztasuna eta ordena, eta jakitea jakintza zientifikoak etengabeko aldaketak eta berrikuspenak izan ditzakeela, eta ikerketa zientifiko baten porrotak ateak zabaltzen dizkiela beste ikerketa batzuei.
Jasangarritasun-balioak eta garapen jasangarriko helburuak transmititzea.
Izaki bizidunen arteko eta izaki bizidunen eta ingurunearen arteko interakzioak, orobat gizakien jarduerek planetan eta osasunean dituzten eraginak, aurkitzeko eta ezagutzeko tresna da zientzia. Beraz, funtsezkoa da konpetentzia zientifikoak garatzea, herritar arduratsuagoak hezteko eta gizarte justu, demokratiko eta jasangarriago batean bizi ahal izateko. Zientziak eta teknologiak elkarlanean jardun behar dute etorkizun jasangarria eraikitzeko; planetaren funtzionamendua ulertzen eta ingurumen-krisiari irtenbideak ematen lagundu behar dute. Beraz, funtsezkoak dira guri, gure osasunari eta ingurumenari buruz jakiteko eta ulertzeko, eta gu, gure osasuna eta ingurumena zalantzan jartzeko, aurreikusteko eta esperimentatzeko.
Heziberri2020 planaren hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoak honela deskribatzen du hezkuntza: “prozesu iraunkorra da, pertsonen bizitzako hainbat etapatara zabaltzen da, eta bere xedea da gizakiaren konpetentziak maila guztietan garatzea ahalik eta gehien, subjektu indibidual eta herritar aktibo gisa, bai eta gizartearen garapenarekiko eta ingurumenaren garapen jasangarriarekiko pertsona konprometitu gisa ere.”
Beraz, jasangarritasun-balioen transmisioa naturaltasunez lerrokatzen da Nazio Batuek adostutako helburuekin, garapen jasangarriko agenda berri baten atal gisa (Agenda Basque Country estrategian jasoak).
STEM irakaskuntzari testuingurua jartzea, eta STEAM proiektuak eraikitzea erronka edo arazo sozial ahalik eta errealenetan oinarrituta
Gizarteak aurrera egin behar du planeta jasangarriago baten eraikuntzan, hezkuntza orokor baten bidez, herritar arduratsuak lortzeko eta zientziaren eta teknologiaren lankidetza lortzeko. Komunitate zientifikoak erabateko adostasuna du, herritar gehienek bezala, Lurrean dagoen ingurumen-krisiaren inguruan. Irtenbideak bilatu behar dizkiegu klima-aldaketaren eraginei, ekosistemen degradazioari, baliabideen agortzeari eta baliabideak eskuratzeak eragiten dituen etengabeko gatazkei, bizimodu kontsumistaren ondorioei eta abarri. Horretarako, nahitaezkoa da guztiok parte hartzea, bai gizabanako gisa, bai gizarte gisa. Hezkuntzak formula horretan parte hartzen du, gazteak estimulatuz erronka eta arazo ekosozialei erantzuteko presta daitezen.
Jasangarritasuna eta osasuna STEAM hezkuntzaren ideian txertatuta daude, eta, hala, ikasleak gai izango dira beren eguneroko bizitzan aurkituko dituzten arazo, egoera eta gai asko baloratu, ulertu eta haiei aurre egiteko. Horrela lortuko dira herritar aktibo eta konprometituak.
Baliabideak:
- Irakasleentzako baliabideak eta oinarrizko konpetentziak garatzeko orientazioak: http://heziberri.berritzegunenagusia.eus/konpetentziak-lantzen/
- Oinarrizko konpetentziak garatzeko orientazioak.
- Metodologia eta ebaluazioa
- Oinarrizko konpetentzien eskuratze-mailari buruzko txostena egiteko orientazioak. Lehen Hezkuntza
- Oinarrizko konpetentzien eskuratze-mailari buruzko txostena egiteko orientazioak. Bigarren Hezkuntza
- Zeharkako konpetentziak: metodologia- eta ebaluazio-orientazioak
- Diziplina-konpetentziak: metodologia- eta ebaluazio-orientazioak
- Konpetentzia zientifikoa https://sites.google.com/berritzegunenagusia.eus/konpetentzia-zientifikoa/orri-nagusia
- Matematikarako konpetentzia https://sites.google.com/berritzegunenagusia.eus/konpetentziamatematikoa
- Dokumentua. STEM irakaskuntza Europan (2018ko urria). Europar Batasunak finantzatutako txosten hau sektoreko adituek bildutako datuetan oinarritzen da. http://www.scientix.eu/documents/10137/782005/Scientix_Texas-Instruments_STEM-policies-October-2018.pdf/d56db8e4-cef1-4480-a420-1107bae513d5
- Dokumentua. STEM irakaskuntza Europan (2018ko abendua). 2018ko urrian argitaratutako txostenaren emaitzak osatzeko, STEM arloko hezkuntza-jardunbideei buruzko inkesta bat argitaratu zuen Scientix-ek, Texas Instruments-en laguntzarekin. Horren helburua izan da ikusaraztea Europa osoko irakasleek nola antolatzen dituzten irakasgai horien eskolak. http://www.scientix.eu/documents/10137/782005/STEM-Edu-Practices_DEF_WEB.pdf/b4847c2d-2fa8-438c-b080-3793fe26d0c8