ZERTARAKO STEAM HEZKUNTZAKO PLAN BAT IKASTETXEAN?
Testuinguru horretan, Hezkuntza Sailak STEAMgunea tresna hau proposatzen du, zeina baliabide lagungarri eta osagarria izango baita hezkuntza-komunitatearentzat, STEAM konpetentziak garatzen laguntzeko, bai eta ikasleak ingurune-mota horiekiko motibatzeko eta erakartzeko ere, inguruneok funtsezkoak baitira haien guztien garapen pertsonal eta sozialerako.
Euskal Herriko gazteek mota askotako esperientziak izan dituzte STEAM alorrarekin lotuta, eta horrek behartzen gaitu askotariko ikuspegiz lantzera plangintza eta didaktika, helburuak lortzeko. Egoera horretan kokatzen da STEAMgunea proposamena; izan ere, plangintza bateratua egiteko eta lantaldean jarduteko gonbita egiten du, ikastetxerako STEAM planaren garapenean motiba eta inplika daitezen irakasleak.
Horretarako, STEAM planak diseinatzeko adibide-multzo lagungarria du STEAMguneak, ikastetxe bakoitzaren planaren testuingurua finkatzeko gida gisa erabiltzeko.
STEAM arlo eta irakasgai guztien diziplina arteko ikuspegia jasotzen du proposamenak, ziklo eta etapa guztietarako —haur-hezkuntzatik hasi eta bigarren hezkuntzaraino—, ikasle guztiei beren oinarrizko konpetentziak hobetzen laguntzeko jarduera antolatu eta planifikatuen bidez.
Hala, irakasleei laguntzen zaie ikastetxeko STEAM alorraren tratamendua ordenatzen eta egituratzen, helburu argi batzuetatik abiatuz, zeinak definitu baitira ikasleen motibazioa bultzatzeko, ikasleei jartzen zaizkien erronkak behar bezala ebazteko behar duten informazioa ulertu, lortu eta kudea dezaten.
Hezkuntza Sailak bere helburu estrategikoak garatzeko prestatu dituen ekintzen ildoan, webgune batean ezarri du STEAMgunea tresna berria, erabilgarriagoa eta irisgarriagoa izan dadin.
Proposamen honen erreferente nagusiak irakasleak eta haien ikasleak badira ere, Berritzeguneak eta INGURUGELA laguntza-zerbitzuen aholkulariek erabiltzeko eta aberasteko ere sortua da STEAMgunea; hala, haiek dituzten baliabideak baliagarriago bihurtuko dira ikastetxeak berak sortuz doazen edukiak alderatzeko edo zabaltzeko. Era berean, ikastetxeetako STEAM planen garapen-prozesuan familiek eta bestelako hezkuntza-eragileek parte hartzeko gonbita ere egiten da. Proposatzen diren ekimenak guztion lanarekin aberastea da helburua.