ZERGATIK STEAM HEZKUNTZAKO ESTRATEGIA BAT

Hiru dira STEAM Euskadi Estrategiaren helburu nagusiak:

  1. Hezkuntza eta prestakuntza zientifiko-teknikoa bultzatzea hezkuntzaren etapa guztietan, eta bertan sartzea eragile sozioekonomikoen lana.
  2. STEM arloan bokazio eta asmo profesionalak piztea, haur-hezkuntzatik hasita eta neskei arreta berezia jarriz, etorkizuneko erronkei begira ikasleak behar bezala prestatzeko.
  3. Dibulgazio eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea euskal herritarren artean.

STEAM Euskadi Estrategiak nahi du: ezagutu eta bistaratzea Euskadi mailan STEAM hezkuntzaren esparruan egiten ari diren ekintzak. Jarduera orientatzea gaur egun burutzen ari den STEAM hezkuntzarekin lotuta. Ekintza berriak proposatzea STEAM hezkuntza esparru zehatz batean berriro bultzatzeko.

Heziberri 2020 planaren Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoak arreta berezia jartzen dio konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren planteamenduari eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren ikuspegi-aldaketari

Zehazki, ezagutza eskuratzeari dagokionez, adierazten du zuzeneko heziketa beharrezkoa dela, baina ez nahikoa.

Oinarrizko konpetentziak garatzeko, eskuratutako adierazpen-ezagutzak era integratu batean erabiltzen jakin behar dute ikasleek, eginkizunaren ezaugarrien arabera, eta gaia ebazteko behar diren prozedura-jarrera eta -trebetasunak izan behar dituzte.

Bistakoa da ezagutza-kantitatea handitu eta espezializatu egiten dela; beraz, gero eta konplexuagoa da zehaztea zein har daitezkeen garrantzitsu eta egonkortzat. Hori dela eta, badirudi beharrezkoa dela ezagutzaren kudeaketan esku hartzea, eta arreta berezia jartzea ikasleek diziplina arteko loturak egiteko estrategiak emateari dagokionez, bai eta gero eta egoera konplexuagoak ebazteko ezagutza behar bezala erabiltzeari dagokionez ere.

Hala, nazioartean, UNESCOk —bere Science Education programaren bidez— ohartarazpena egin du garapen ekonomiko eta sozialerako funtsezko elementu gisa har dadin zientzian eta teknologian gaitzea. Gaur egungo gizarte oso teknifikatuak eta munduaren konplexutasunak eskatzen dute pertsona orok izatea ezagutza eta gaitasun nahikoak problema zailak ebazteko, ebidentziak bildu eta ebaluatzeko, eta hainbat tokitatik jasotzen duten informazioa analizatzeko. Horretarako, funtsezkotzat jotzen du zientzia eta teknologiako heziketa bultzatzea hezkuntza-maila guztietan, eta oro har gizartearen zientzia-hezkuntza hobetzea. Halaber, azpimarratzen du beharrezkoa dela arreta berezia jartzea gazteak, eta bereziki neskak, animatzeko zientzia eta teknologiako karrera profesionalak egitera.

STEAM ikaskuntza eta jardunbidea (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics ingeleseko akronimoa da STEAM) lagungarriak dira gaitasun horiek garatzeko, eta gazteria prestatzeko ez soilik zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako ezagutza handiagoarekin, baizik eta ezagutza hori zentzuz, testuinguruaren arabera eta sormenarekin erabiltzeko gaitasunarekin ere.

STEAM Euskadi Estrategia Hezkuntza Sailak bultzatzen du, eta estrategiaren helburua da hezkuntza eta prestakuntza zientifiko-teknikoa hezkuntza-etapa guztietan sustatzea, ikasleak ahaldundu daitezen gure gizarteko erronkei era arduratsu batean aurre egiteko.

Hori dela eta, berariaz sortu nahi dira aipatutako arlo eta ikasgaietan kontzeptuak aldi berean eta era integratu batean ikasteko aukera emango duten egoerak, problemak diseinatzeko eta ebazteko testuinguru praktiko batean..

Azken batean, proposamenaren oinarrian dago esperimentuak planifikatzean, hipotesiak aztertzean, informazioa bilatzean, ereduak eraikitzean, lantaldean jardutean, eztabaidatzean eta azalpen koherenteak proposatzean egiten den ikerketa-lana.